
BBK ESG Hub Cámarabilbaok antolatutako jardunaldi berri bat hartu du Bilboko Ganberak. Bizkaiko enpresen lehiakortasuna laguntzeko eta bultzatzeko ekimen hau BBK Fundazioak eta Bilboko Merkataritza Ganberak sustatzen dute, Petronorren laguntzarekin.
Oraingoan berdintasuna eta inklusioa jorratu dira enpresen zein lurraldeen lehiakortasuna areagotzeko motor gisa, gizarte kohesionatu bat, kideen aniztasuna jaso, errespetatu eta babesten duena, eta pertsonen gaitasun ezberdinak bultzatu eta aprobetxatzeko gai dena, aberatsagoa, erresilienteagoa, integratzaileagoa eta oparoagoa baita.
Parte-hartzaileei eman dien ongietorrian, Mikel Huizi Bilboko Ganberako Jasangarritasun Batzordearen presidenteak nabarmendu nahi izan du berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa “gure lurraldean bizi eta lan egiten duten pertsona guztien talentua aprobetxatzeko formula irabazle gisa”. “Bizi garen gizartea osatzen duten talde guztien prestakuntza eta balioan jartzea funtsezkoa da etorkizun oparo baterantz aurrera egiteko, arlo ekonomikoan zein sozialean, eta integrazioaren onurak guztiok gozatuko ditugu”, esan du.
Bestalde, Leire San-Jose Euskal Herriko Unibertsitateko Finantzetako katedraduna eta ECRI Finantza eta Balio Sozialeko Etikari buruzko ikerketa-taldeko ikertzaileak enpresako jasangarritasuna eta lehiakortasunean duen papera izan ditu hizpide, eta azpimarratu du “lehiakortasun jasangarria ez dela dirua irabaztea soilik. Kontabilitate ekonomiko-finantzarioan sortutakoa baina ikusezina dena balioan jartzea da. Interes-talde jakin bati, lurralde bati, generoari edo GJHri esleitutako euro, aurrezki edo emozio bakoitza diru-unitateetan ikusaraztea da”. Akademikoak ere argi utzi nahi izan du “inklusioa talentua dela, baina horiek azaleratzeko lekua, zeregina eta laguntza egokiak aurkitu behar dira”.
Ondoren, ‘Aniztasuna zure enpresan, hazteko aukera’ hitzaldia izan da. Bertan, Oihane Aldaiturriaga BBK Banku Fundazioko Enplegu eta Ekintzailetza arduradunak, BBK Enplegu Inklusiboa bezalako ekimenak nabarmendu ditu, “abantaila ekonomikoen eta akonpainamendu pertsonalizatuaren bidez, enpresa asko beren plantillaren aniztasuna handitzeko lehen urratsa ematen ari den proiektua”.
Jardunaldiarekin jarraitzeko, mahai-inguru bat egin da euskal enpresek inklusioa eta berdintasuna sustatzeko egin dituzten ekintza eta esperientzia errealei buruz. San Josek berak moderatuta, solasaldian parte hartu dute Iraia Zornoza Lantegi Batuakeko Gizarteratze eta Garapen zuzendariak; Yolanda Madariaga Biolan Pertsonen zuzendariak; Cristina Aldamiz-Echevarria Euskal Herriko Alkorako zuzendariak; Almudena Quintanilla Zurtekeko kudeatzaileak; eta María Seisdedos Baqueko Pertsonen zuzendariak.
Zornozak azpimarratu duenez, “garrantzitsua da aniztasuna aitortzea, arreta gaitasun ezberdinen batuketan eta integrazioan jartzea, eta berdintasunaren ikuspegitik lan egitea, inklusioa errealitate eta ardatz estrategiko bihurtzeko erakundeetan”. Aurtenetxek, bere aldetik, eztabaidan izandako parte-hartzea baliatu nahi izan du “Biolanen kultura hasieratik berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa bezalako balioen defentsan oinarritu dela” azpimarratzeko.
Era berean, Aldamiz-Echevarriak aipatu du “ezintasunen bat duten pertsonen benetako inklusioa lan esparruan bultzatzeko beharra. Hori lortzeko, ezinbestekoa da asmo onetatik haratago joatea eta laguntza publikoen, hezkuntzaren eta, batez ere, gizarte- eta enpresa-pentsamoldearen aldaketa sakonaren alde egitea. Aldaketa horrek barne hartu beharko luke Giza Baliabideetako sailetan inklusioan espezializatutako profesionalak sartzea, pertsona horiei benetako aukerak sortuko dizkieten lanpostuak egokitu eta diseinatzeko gai izango direnak”.
Quintanillak azpimarratu duenez, “Aniztasuna errealitate bat da, baina inklusioa erabaki estrategikoa da. Ahots desberdinak integratzea ez da soilik gizarte-erantzukizuna, baizik eta gure enpresen berrikuntzarako, lehiakortasunerako eta jasangarritasunerako giltza”; Seisdedosek, berriz, hau nabarmendu du: “lan-ingurunean aniztasunarekin eta aukera-berdintasunarekin dugun konpromisoaren frogak sortu behar ditugu”.
Oihane Aldaiturriagak eman dio amaiera jardunaldiari, eta adierazi duenez, “berdintasuna eta inklusioa funtsezkoak dira enpresen lehiakortasunean eta lurraldearen etorkizunean, eta ez dago gizarte-politika hoberik kalitatezko enplegua baino, aurrerabidearen eta ongizatearen berme gisa”. Halaber, nabarmendu duenez, “gaur gurekin daudenak bezalako enpresak behar ditugu, talentua enplegu-aukera errealekin lotzeko, eta BBK ESG Hub Cámarabilbao bezalako guneak, topagune gisa; izan ere, funtsezkoak dira aniztasunean oinarritutako lehiakortasuna sustatzeko, hura osatzen duten enpresak erresilienteagoak eta berritzaileagoak baitira, eta, gainera, lurralde kohesionatuago, jasangarriago eta lehiakorrago bat eraikitzen laguntzen baitute”









































